XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nire butakatxotik

Suitzar erlojua

Eta ni txirrindularitza mundua ezagutzen dudala pentsatzen.

Harrituta geratu nintzen atzo, eta nago, Zullek egin zuena ikusita.

Eta dio bere zuzendariak 15 egunetan baino ez dela aurrean ibiliko.

Jakina!

Hala segitzen badu azken astea soberan izango da, Zaragozako erlojupekoan berriro atzo egin zuena egin eta agur.

Ez dugu zertan eta zer idatzirik, Indurain berriaz izan ezik.

Ingurua elurtuta zegoen eta txirrindulari askoren aurpegia ingurua bezain txuri helmugaratzerakoan.

Zullerena, ordea, ez.

Hori zegoen, sekulako horien, bere maillot horiak igortzen zuen argiak horituta.

Rominger izan ezik gainerako guztiak urrrun geratu ziren, uste baino urrunago: Cubino minutu batera, Delgado bi t'erdira, Breukink hiru t'erdira, Etxabe ia seira.

Eta abar.

Zulle bere herriko erlojuen modura ibili zen, Tony Rominger antzera, Cubino imitazio on bat bezala eta beste guztiak paisek Rollex-tzat saltzen dizkigutenak bezalaxe.

Espainiako Vuelta hau suitzar biren kontua da, gauzak asko ez badira okertzen.

Herenegungo etapak ez zuen min handirik egin, gehiago egiten du 18. etapa bada, baina aitortu beharra dago antolatzaileek asmatu egin dutela Navacerradako erlojupeko hau jarri duten tokian jarrita, aurreazterketa guztiek arinegi zegoela esan arren.

Atzokoa ikusita, gaurtik aurrera lasterketa erabat aldatuko da, pentsatutako taktika guztiak bertan behera geratuko dira eta itzuliak, txirrindularitzak beraz, irabazi egin du.

Navacerradako maldetan jadanik ospetsua den salbutemola ez zen uretan nahasi.

Bai, ostera, asko eta askoren ideia eta asmoak izoztu.